Valentín Pérez, beti gurekin

Oporraldiaren ondoren, gure blogeko asteko sarrerei heldu diegu berriro, eta lehenengo sarrera zein izan behar zen erabakitzeko orduan ez zegoen eztabaidarako tokirik.

Ikasturte berria hasiko den arren, Leongo Unibertsitateko (ULE) Albaitaritza Fakultatean ezer ez da berdina izango. Valentín Pérez Anatomia Patologikoko katedraduna falta da, abuztuaren 7an zendu zen bat-batean, hutsune handi bat utziz.

Valentín Usurbildarra zen, Donostian jaioa eta gaztaroaren zati bat Gipuzkoan igarotakoa, Zaragozara joan zen arte. Zaragozako Albaitaritza Fakultatean promozioko espedienterik onenarekin lizentziatu zen, 1992an fakultate horretan bertan doktoratuz. Geroago, 1995-96 ikasturtean, Leongo Unibertsitateko Albaitaritza Fakultatean sartu zen, irakasle-ibilbidea hasi eta ikerketa-ibilbidearekin jarraitzeko. «European College of Small Ruminant Animal Health and Management» zein «European College of Veterinary Pathologists» ospetsuko Diplomaduna zen (azken hau azterketa bidez lortutako Diploma) patologo gisa zuen balio handia erakutsiz. Honetaz gain, Edinburgoko Moredun Research Institute zein Davis-ko Kaliforniako Unibertsitatean egin zituen egonaldiak nabarmendu behar dira. Valentín munduan ospe handiena duten albaitaritza-patologoetako bat izan da, eta bere ikerketa-ildoak hausnarkarien gaixotasun infekzioso eta parasitarioen azterketan zentratu dira, paratuberkulosiaren patogenian eta erantzun immunitarioan buru-belarri lan eginez. Bere curriculumak 140 argitalpen zientifiko baino gehiago ditu, etxeko hausnarkarietan paratuberkulosiaren lesio histopatologikoen sailkapenari buruzko lanak nabarmentzekoak izanik. Bestalde, Valentín unibertsitate-kudeaketarekin oso konprometitua zen eta hainbat kargu izan ondoren, 2018an ULEko Animalien Osasun Saileko zuzendari izendatu zuten.

Bere ibilbide osoan zehar NEIKEReko Animalien Osasun Sailarekin lankidetzan aritu da eta berarekin kolaboratzeko zortea izan dugunok beti gogoratuko dugu, bere gaitasun intelektual handiagatik, prestutasunagatik, entrega zein ontasun eta umiltasunagatik, beti ere umore-sen handiarekin nahastuta. Zendu ondoren, berarekin hartu-emana izan duten pertsonen (ikaskideak, laguntzaileak, ikasleak…) hainbat iruzkin irakurtzeko aukera izan dugu sare sozialetan, eta guztiek nabarmentzen dute Valentín-en gizatasun handia, baita ezagutzak partekatzeko eta transmititzeko gaitasuna ere. Iruzkin horiek guztiak izenpetzen ditugu, batez ere honako “zerua jakintsuagoa da, eta lurra umezurtzagoa” Valentín joan denetik.

Valentín, NEIKEReko Animalien Osasun Saileko zure lankide eta lagunek ez zaitugu inoiz ahaztuko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *