Mikobakterioek sortutako erreakzioen arteko desberdintasunen bila: Tuberkulosia eta paratuberkulosia

Irakurle askok dakizuen moduan, paratuberkulosia munduan zehar barreiatuta dagoen hausnarkarien gaixotasuna da. Gaitz honen agente patogenoa Mycobacterium avium subp. paratuberculosis (Map) izeneko bakterioa da. Animali gaixoen gorozkien bidez ingurunera kanporatzen da, beste animaliak kutsatzeko era nagusia aho bidezkoa izanik. Gaixotasuna pairatzeko sentikorrenak 6 eta 12 hilabeteko adina duten animalia gazteak dira. Alabaina, normalean gaixotasunaren lehenengo sintomak ez dira animaliak gazteak direnean agertzen, baizik eta behiaren lehenengo edo bigarren erditzearen ostean.
Paratuberkulosiaren prebalentzia zehatza jakitea oso zaila da, orain arte egindako laginketak adierazgarriak ez direlako eta animali gaixotuak detektatzeko hainbat metodologia erabili direlako. Hala ere, duela gutxi herrialde garatuenetan prebalentzia ezagutzeko ikerketaren emaitza argitaratu da, NEIKERen parte-hartzearekin. Egindako balioztapenaren arabera, aztertu ziren 48 herrialde garatuen batez besteko animali-taldeko prebalentzia %40a da.
Paratuberkulosiaren eraginez, animalien esne produkzioak behera egiten du, animaliak argaldu egiten dira eta beste gaixotasun batzu harrapatzeko aukerak handiagotzen dira; esaterako, mastitis edo infertilitate kasuek gora egiten dute. Hori guztia kontuan izanik, paratuberkulosiak dakarren galera ekonomikoa, gaixotasunaren fase subklinikoan, behi eta edoskitze bakoitzeko 150-250 eurotan zenbatetsi dute.
Gaur egun, paratuberkulosia kontrolatzeko estrategiari buruzko eztabaida zabalik dago, batez ere txertoari buruzkoa, tuberkulosiaren erradikazio programa ofizialean erabilitako teknika diagnostikoa oztopatu ahal duelako. Gure taldeak egindako ikerketen bidez, Map-en aurkako txertoak eta Map-ekin infekzio naturalak tuberkulosiaren diagnostikoan eragiten duten interferentzia antzekoak direla baieztatu da. CICbioGUNE-rekin elkarlanean oztopo hori gainditzeko asmoz, paratuberkulosiaren aurkako txertoak eta infekzioak aldatu ezin ditzaketen eta tuberkulosiaren diagnosian baliagarriak izan daitezkeen biomarkadore berrien bila dihardugu. Orain arte lortutako emaitzak BMC Veterinary Research “Mycobacterium tuberculosis extracellular vesicle-associated lipoprotein LpqH as a potential biomarker to distinguish paratuberculosis infection or vaccination from tuberculosis infection” aldizkarian argitaratu dira. Ikertzen jarraitu beharrekoa den baina etorkizun handia izan dezakeen biomarkadorea dela ematen du, lagin gutxi batzuekin egindako analisien arabera.

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *