Konfiantzazko zientzia elikagaien segurtasunean: EBk elikagai seguruak aukeratzen ditu (#EUChooseSafeFood)

Elikagaien Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) eta Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) “EBk elikagai seguruak aukeratzen ditu” (#EUChooseSafeFood) kanpaina jarri dute abian, elikagaien segurtasuna bermatzeko eta, hartara, kontsumitzaileen artean konfiantza sortzeko lanean zientziak duen zeregina azaltzeko. Zientzia funtsezkoa da merkatuetan saltzen diren produktuen segurtasuna bermatzeko eta baita ere animaliak eta ingurumena elika-katearekin lotutako arriskuetatik babesteko. Halaber, EFSAk agintari eskudunei aholkularitza zientifikoa emateko iturri gisa duen eginkizuna azaltzen du kanpainak, baita kontsumitzaileak eta elikadura-kate osoa babesten dituzten Europako araudiei egiten dien ekarpena ere.
Kanpainan alderdi hauek sartzen dira, besteak beste: etiketei buruzko informazioa, propietate osasungarrien deklarazioa, alergenoak, gehigarriak, erleek gure elikaduran duten zeregina, elikagaien higienea eta elikaduratik eratorritako gaixotasunak. Hala, alergenoen eta gehigarrien segurtasuna bermatzeko zientzialariek egiten duten lana azaltzen du kanpainak, baita etiketetan behar bezala nola identifikatu behar diren. Kontsumitzaileak elikagaiei buruzko informazio oker edo engainagarritik babesten dituzten erregelamenduak ere aipatzen ditu kanpainak. Elikagaien higieneari dagokionez, gure etxeetan elikagaiak manipulatzean elikagaien segurtasuna mantentzeko oinarrizko arau batzuk aurkezten dira eta elikagaietatik eratorritako gaixotasunei dagokienez, haiek prebenitzeko zientziak duen zeregina deskribatzen da.
Elikagaiek transmititzen dituzten gaixotasunen artean, zoonotikoak leku garrantzitsua betetzen dute. Izan ere, elikagaien segurtasuna haztegietan hasten da, elika-katearen lehen mailan. Horregatik, animaliak osasuntsu edukitzea funtsezkoa da elikagai osasuntsu eta seguruak ekoizteko. NEIKEReko Animalien Osasun Sailak 15 urte baino gehiago daramatza pertsonei elikagaien bidez transmititu dakizkiekeen patogeno zoonotiko nagusien zaintza eta kontrola egiten EAEko haztegietan (Salmonella, Campylobacter, Listeria, eta E. coli adibidez). Lan horretan, NEIKERek foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako Abeltzaintza Zerbitzuekin lankidetzan dihardu, ekintza koordinatuak egiteko.

Kanpainari buruzko informazio gehiago lortzeko, klikatu hemen: https://campaigns.efsa.europa.eu/EUChooseSafeFood/#/index-es

Argazkia: Faizan en Pexels

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *