Skip to main content

Iceberg baten muturrean: herritarren zientziak eta zaintza aktiboak Aedes japonicusen banaketaren ezagutza handitzen laguntzen dute.

Inbaditzaileak diren eltxo espezieen detekzio goiztiarrerako zaintza aktiboa itsas portu eta aireportuetako sarrera-puntuetan oinarritzen da, bai eta errepide sareetan zehar ere, barreiatze-bide gisa. Hala ere, kasu askotan, herritarrak dira eltxo exotiko inbaditzaileen populazioen lehen detekzioak egiten dituztenak, dela espeziea zaintza aktiboko guneetatik haratago joatearren, dela bertan ezarritako zaintza-sistemarik ez egotearren. Hain zuzen, horixe izan zen Asturiasen 2018an Mosquito Alert (http://www.mosquitoalert.com/) herritarren zientzia-plataformak egindako Aedes japonicusen, “zuhaixken Asiako eltxoa” deritzona, lehen detekzioa. Une horretatik aurrera, 2018tik 2020ra bitartean, administrazio publikoen, ikertzaile-taldeen eta “herritarren zientziaren” elkarlanak jakinarazi du espezie hau Espainia iparraldeko beste erkidego batzuetan ere badagoela, hala nola Kantabrian eta Euskal Herrian. Horrela, zenbatetsitako Ae. japonicus eltxoaren presentzia-eremua 900 km2 baino gutxiago izatetik (2018an), 7.000 km2 baino gehiago izatera igaro da (2020an).
Kontuan izanik Kantauri itsasoaren ertzeko Aedes japonicus populazioa geografikoki isolatuta dagoela Europako beste edozein biztanleriatik, honen jatorriari, sarrera bideari eta sakabanaketa bideei buruzko galderak ageri dira. Aldi berean, zaintza-sistemak hobetzeko beharra nabarmentzen da, herritarrek, osasun publikoko erakundeek eta eltxoak kontrolatzeko erakundeek egindako zaintza estuki konbinatuz, tokiko eskalatik kontinentalerantz. Zaintzaren ikuspegi horrek (pasibo zein aktiboa), zenbait eragile tartean izanik, eltxo inbaditzaileen beste espezie batzuen aurreko zaintzaren eraginkortasun-ahalmena handitzen du; adibidez, Aedes aegypti, zeina dagoeneko Europako leku batzuetan ageri den.
Horretaz guztiaz ari da Parasites and Vectors sarbide libreko aldizkarian argitaratu berri den artikulu bat. NEIKEReko Animalien Osasuna Sailak artikulu honetan lagundu du. Osorik irakurtzeko, hona hemen esteka:https://rdcu.be/cpXjr

Gogoratu EAEko eltxo inbaditzaileak zaintzeko programa hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren Zuzendaritzak koordinatzen du. Honetaz gain, EAEko udal nagusiek eta NEIKEReko Animalien Osasuna Sailak ere parte hartzen dute programan.

Foto de Jean-Christophe André en Pexels

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude