Gure hirietako eltxoak

NEIKERen, URBAN KLIMA 2050 (EU-LIFE 18 KPI/ES/000001) diziplina anitzeko proiektua garatzen ari da. Proiektu honek (https://www.urbanklima2050.eu/eu/) hainbat ekintza biltzen ditu eta ekintza horien barruan “Klima eta Osasuna”-rekin lotutako alderdiak lantzen dira hiri-inguruneetan. Testuinguru horretan, Animalien Osasun Sailean artropodo hematofagoen dibertsitatea eta ugaritasuna aztertzen ari gara Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiri nagusietako berdeguneetan – Bilbo, Donostia eta Gasteiz-, i) gure lurraldeko eremu populatuenetan dauden gaixotasun-bektore diren artropodo-espezieak ezagutzeko, ii) arrisku-eremuak zehazteko eta banaketa-mapa potentzialak egiteko eta, azkenik, iii) bektore horien emergentzian eragina duten faktoreak identifikatzeko.
Eltxoei dagokienez, udaletxeetako teknikarien kolaborazioarekin batera, maiatza eta urria bitartean tranpak jartzeko puntu interesgarriak aukeratu genituen. 2019 eta 2021 urteen artean egindako lanek, ia hogei eltxo-espezie autoktono eta bi espezie inbaditzailerekin (Aedes japonicus eta Ae.albopictus), bizi garela erakutsi dute. Culex pipiens s.l. y Culiseta longiareolata dira hirietako berdeguneetan dauden espezie ugarienak, hala ere, batez besteko harrapaketak gutxi izan ziren penintsulako ekialdeko edo hegoaldeko beste eskualde batzuetako populazioekin alderatuta. Aldaketa klimatikoa errealitate bat dela eta azkenaldian bero-boladak jasaten hari garela kontuan hartuta, adi egon behar gara hurrengo urteetan gerta daitezkeen aldaketekin. Eltxoen elikaduraren aurretiko ikerketek (Cx. pipiens s.l), batez ere hirietako hegaztietaz elikatzen direla erakutsi dute. Azterketa horiek ezinbestekoak dira gure inguruko diptero hematofagoen osaerari eta ugaritasunari buruzko ezagutza handitzeko, baita haien habitat- eta elikadura-lehentasunak jakiteko eta gaixotasunak transmititzeko arrisku potentziala ebaluatzeko.

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *