Glikokonjugatuetan oinarritutako txertoak. Animalien Osasunerako beste irtenbide bat?

Giza medikuntzan lehenengo glikokonjugatuetan oinarrituriko txertoa 1987an lizentziatu zen, Haemophilus influenzae b-rentzat. Garai honetatik aurrera herrialde desberdinen txerto egutegietan ezarri eta garatu dira beste gaixotasun infekzioso batzuei aurre egiteko. Glikokonjugatu bat proteina, peptido, lipido edo sakarido bati lotura kobalente batekin elkartutako karbohidratoa da. Glikokonjugatu naturalak (glikoproteinak, glikopeptidoak, peptidoglikanoak, glikolipidoak, glikosidoak eta lipolisakaridoak) konposatu oso garrantzitsuak dira biologia mekanismoetan. Molekula hauek zelula-zelula arteko elkarreraginetan esku hartzen dute eta hain zuzen zelulen gainazalean dauden karbohidratoek frogatu dute txertoen garapenerako jomuga onak direla.
Animalien Osasunerako erabilera duten eta glikokonjugatuetan oinarriturik dauden hainbat txerto existitzen dira. Besteak beste, Escherichia coli-aren LPS-etan oinarriturik dagoen eta behien mamitisaren aurkakoa den txertoa azpimarratzen dugu (laburpena). Beste batzuk esatekotan, N-glikanoetan oinarriturik dagoen oiloen campilobakteriosiaren aurkako txertoa (laburpena) eta azkenik txerrietan erabiltzen den Streptococcus suis 2 tipoko kapsularen polisakaridoetan oinarrituriko txertoa (laburpena). Hauek guztiak ikerketa fasean daude eta batzuk emaitza onak ematen ari direnez, animaliaen txertoen garapenerako arlo berri bat irikitzen ari da.
Momentu hauetan CIC bioMAGUNE-ren glikoteknologiako laborategiak, Niels Reichardt Doktorea buruzagi duenak, Euskadi mailan proiektu bat koordinatzen du. Bertan 7 erakundek parte hartzen dute eta gizakien eta animalien osasun arazo desberdinak konpontzeko glikozientzien erabilerak eduki ditzazketen onurak aztertzen dira. Proiektu honetako lan pakete batean NEIKER-en Animalien Osasun sailak esku hartzen du Natalia Elguezabal Doktorearen gainbegiradarekin. Helburua animalien sistema immunean glikokonjugatu desberdinek duten ondorioa aztertzea da eta hauen boterea ebaluatzea bai gizakien medikuntzan bai eta albaitaritzan txerto moduan erabili ahal izateko. Ezaguera eta harreman berriak egiteko asmotan, NEIKER-eko Animalien Osasun saileko ikertzaile batzuk Nazioarteko Glicoinmunologiaren Sinposiora joan ziren, Donostian izan zen uztailaren 11tik 13ra (sinposio). NEIKER-en ikerketa-lerroekin duen loturagatik, albaitaritzan sortzen diren bakterien eta bektoreek transmititutako gaixotasunen aurka borrokatzeko karbohidratoetan oinarritutako txertoen inguruko saioak izan ziren bereziki interesgarriak.

Argazkia: Glikano eta glikoproteinen diagrama.
Egilea: NEIKER-Animalia Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *