Skip to main content

Genoma osoen sekuentziazioa hausnarkarietatik isolatutako Campylobacter jejuni eta Campylobacter coli bakterioen erresistentzien karakterizaziorako.

Campylobacter generoko bakterioak dira gastroenteritisaren eragile nagusiak, bai eta elikagai bidez transmititutako infekzio zoonotiko gehienen arduradunak Europan. Campilobakteriosiaren sintomak beherako arina zein larria (sarritan odoltsua), sukarra, sabeleko edota buruko mina, goragalea eta oka egitea izan ohi dira, normalean 3-6 egun irauten dutelarik. Hala ere, kasu batzuetan konplikazioak ager daitezke, bakteriemia (bakterioen presentzia odolean) edo sindrome larriak, hala nola artritis erreaktiboa (artikulazioen hantura mingarria, zenbait hilabete iraun dezakeena), eta Guillain-Barré-ren sindromea, disfuntzio-neurologikoa zein arnas-disfuntzio larria eragin dezakeen asaldura neurologikoa, batzuetan heriotza ere ekar dezakeena. Oro har, urdail-hesteetako gaixotasun honen sintomak beren kabuz murrizten dira, gorputza likido eta elektrolitoz hornitzea nahikoa izanik. Hala ere, kasu larrienek tratamendu antibiotikoa behar izan dezakete, azken kasu hauetan, arazo larria izanik Campylobacter-en antibiotikoekiko erresistentzien areagotzea.
Nahiz eta Campylobacter generoko bakterioek animaliei gaixotasuna eragitea oso ohikoa ez izan, hegazti zein ugaztunek gordailu eta infekzio-iturri gisa jokatzen dute gizakiarentzat. Campylobacter jejuni eta Campylobacter coli espezieak (infekzioaren eragile nagusiak gizakietan) prebalentzia handia dute gizakien kontsumora bideratutako animalietan, hala nola hegazti, txerri edo hausnarkarietan. 2019an argitaratutako ikerketa batean (https://www.mdpi.com/2076-0817/8/3/98), EAEn C. jejuni edota C. coli bakterioen presentzia zuten hausnarkari-taldeen proportzioa zehaztu genuen eta horien erresistentzia-profilak deskribatu genituen. Lagindu ziren 68 ustiategietatik (20 haragitarako behienak, 24 esnetarako behienak eta 24 ardienak) isolatutako 40 C. jejuni eta 30 C. coli aukeratu ditugu orain, erresistentzia-profilen aniztasunaren adierazgarri direnak, helburua erresistentziak eragiten dituzten mekanismo molekularrak karakterizatzea izanik. Sekuentziazio masiboko Illumina teknika erabiliz, isolatuen genoma osoak sekuentziatu ditugu. Multilocus sequence type (MLST) profilaren arabera, aztertu diren 70 genomak 40 genoma-motatan (ST) sailkatzen dira, hauetatik lau aurrez deskribatu gabeak, eta 15 konplexu klonaletan (CCak) biltzen dira. Emaitza hauek aztertutako isolatuen aniztasun genomiko handiaren adierazle dira. Erresistentziarako determinatzaile genikoen analisiari esker, 16 erresistentzia-gene identifikatu dira, bai eta mutazio puntualak beste hiru genetan ere. Hiru gene horiek bost antimikrobiano klase ezberdinen erresistentziarako kodetzen dute. Oro har, oso korrelazio handia ikusi dugu antibiotiko jakin batekiko erresistentziaren (fenotipia) eta berau eragiten duen determinatzaile genikoaren (genotipia) presentziaren artean. Lortutako emaitzen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, C. coli-ren isolatu batean aurkitutako tet(O/M/O) genea, zeina lehen aldiz C. jejuni-n deskribatu zen 2020an, blaOXA-61-like genearen alelo berrien deskribapena eta aminoglukosidoekiko erresistentziari lotutako geneen testuinguru genetikoaren analisia. Azken honi lotuta, gene-erakunde desberdinak identifikatu dira leinu desberdinetan. Horietako batzuk transferentzia horizontal bidez gene-taldeak mugitzearen ondorio direla dirudi, beste batzuk, berriz, hedapen klonalaren ondorio. 12 C. jejuni isolatutan, tetraziklinen kontrako erresistentziari lotutako geneak [11 tet(O) eta 1 tet(O/32/O)] 1. motako pTet plasmidoetan kokatuta aurkitu dira.

Genoma osoen sekuentziazioari esker (whole genome sequencing, WGS), C. jejuni eta C. coli-n erresistentzien erantzule diren mekanismo molekularrak identifikatu ahal izan dira, erresistentzien sorrerari lotutako faktoreak argitu eta barreiatze-arriskuak ebaluatzearekin batera. Azterketa honetan lortutako C. coli-ri buruzko datuek ekarpen handia suposatzen dute, orain arteko azterketa gehienak C. jejuni-ri buruzkoak baitira. Era berean, ez dago hausnarkari txikietan egindako horrelako azterketa asko.

Eusko Jaurlaritzak finantzatutako URAGAN (Antibiotikoen zentzuzko erabilera abeltzaintzan) proiektuaren barruan kokatzen den ikerketa honen emaitza osoak Scientific Reports zientzia-aldizkarian argitaratu dira berriki (https://www.nature.com/articles/s41598-021-88318-0.pdf?origin=ppub).

Argazkia: NEIKER-Animalia Osasun Saila

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude