Etxe-animaliak eta antibiotikoekiko erresistenteak diren super-bakteriak

Antibiotikoekiko bakterio erresistenteek sortutako infekzioak albaitaritzan eta gizakion osasunean arazo larria dira, gainera arazoa antibiotikoen erabilera desegokiaren ondorioz larriagotu egiten da. Etxe-animaliak (txakurrak, katuak, akuria, etab), jabeak bezala, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioekin kutsatu daitezke. Dirudienez, etxe-animalien eta jabeen arteko kontaktu estuak bakterio erresistenteen alde bitako transferentziarako baldintzak sortzen ditu. Hala eta guztiz ere ezjakintasun handia dago kutsaduraren dinamikan eta maskota-gizaki interfazean gertatzen diren aukeraketen inguruan. Galdera hauei erantzuna emateko ikertzaile talde desberdinak lanean ari diren bitartean, erresistentzien agerpena eta barreiadura gelditzeko etxe-animaliatan antibiotikoen zentzuzko erabilera egitea da aukeretako bat, horretarako albaitarien eta etxe-animalien jabeen arteko elkarlana beharrezkoa da.

Albaitariek zentzuz preskribatu behar dituzte antibiotikoak, honek berekin dakar:
• Diagnosi ona egitea, sentikortasun test (antibiogramak) eta mikrobiologia kultibo frogetan oinarrituz.
• Infekzio-agentearen eta honen sentikortasunaren arabera antibiotiko egokia aukeratzea, gizakion medikuntzan kritikoak diren antibiotikoak saihestuz ahal izan ezkero (zentzuzko erabileraren kategorizazioa jarraituz).
• Jabeari antibiotiko emate jarraibideak ondo erakutxiz.

Infekzio baten tratamenduan zehar etxe-animalien jabeek ere antibiotikoen erresistentzien garapena eragotzi dezakete:
• Albaitariak esandako tratamenduaren iraupena, denborak eta dosiak era zorrotzean jarraituz.
• Albaitariak laborategi bati antibiograma eta kultibo frogak eskatu behar dizkiola ulertuz. Analisi hauek maskotaren infekzioa tratatzeko antibiotiko hoberena aukeratzen laguntzen dute.
• Albaitari batek etxe-animalia ez tratatzea erabaki dezakela onartuz, infekzio autolimitantea (bere kabuz deuseztatzen dena) edo birus batek sortua (antibiotiko tratamendu batek ez lioke ezer egingo) izan daitekeelako.

Albaitarien eta maskoten jabeen elkarlanarekin etxe-animaliatan bakterio erresistenteen agerpena eta ondorengo gizaki kutsatzea eragotzi daiteke. Ahalegin honek osasuntsuagoa izango den familia-maskota-biztanleria ekosistema sortuko du.

Argazkia: Natalia Elguezabal, NEIKER – Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *