Skip to main content

Culicidae eltxoak hazten diren lekuen ikerketa: hiri-ingurunetik natur ingurunera

Eltxo bektoreen bidez transmititutako gaixotasunak kontrolatzeko programetan, garrantzi handia dute eltxoak hazten diren lekuen biodibertsitatea aztertzen duten ikerketak, eta gainera, eremu jakin bateko espezieak banatzeko mapak egiten laguntzen dute. Eltxo-espezieak eta horiek hiri-, landa- eta natura-eremuetan dituzten hazteko lekuak ikertzeko, 2019an Gasteiz inguruko 25 km-ko erradioan bi denboralditan (maiatza-uztaila eta abuztua-urria) banatutako azterketa bat egin zen. Hainbat hazte-puntutan eltxo-larbak jaso ziren, bai habitat naturaletan (ibaiertzak, errekak, urmael naturalak, putzuak, fitotelmatak, etab.), bai artifizialetan (lakuak edo urmael artifizialak, edukiontzi handi eta txikiak, pneumatikoak, latak, ontziak, igerilekuetan gelditutako ura, ureztatze-kanalak, estoldak, etab.). Laborategian larbek muda egin eta eltxo helduak lortu ziren eta azterketa morfologikoaren bidez eta metodo molekularrekin osatuz identifikatu ziren. Guztira, 135 hazte-leku aztertuz, 13 espezietako 2.182 eltxo bildu ziren. Ikertutako hazte-eremuen %59,2k eltxo-larbak zituzten. Eltxo arrunta Culex pipiens s.l. espezie ugariena izan zen (%45,1), atzetik Culex torrentium (%12,3), Anopheles maculipennis s.l. (%10,2), Culex hortensis (%9,5), eta harrapaketen %25 baino gutxiago egiten zuten maiztasun txikiagoko bederatzi espezie zituela. Identifikazio molekularraren bidez, An. maculipennis s.l. espezie-multzoaren barruan An. maculipennis sensu stricto espeziea bakarrik identifikatu zen eta Cx pipiens s.l. espezie-multzoko subespezie nagusia Cx. pipiens pipiens izan zen. An. maculipennis s.l. hazteko lekurik egokienak eremu eguzkitsuetako ur-masa handien ertzak izan ziren eta bestalde, eltxo arrunta, Cx. pipiens s.l. habitat naturaletan zein artifizialetan hazten zela ikusi zen.
Eltxoen ugaritasuna nabarmen txikiagoa izan zen hiriguneetan landa-eremuekin alderatuta. Espezieen aberastasuna handiagoa izan zen lehen laginketa denboraldian, baita espezie batzuen (Culiseta annulata, Cx. torrentium eta Cx. hortensis) ugaritasuna ere. Baina, abuztutik urrira bitartean Cx pipiens s.l. eltxoen presentzia handiagoa izan zen.

Informazio gehiago hemen aurki dezakezue:
Mikel A. González, Aitor Cevidanes, Fátima Goiri, Jesús F. Barandika, Ana L. García-Pérez. Diversity and distribution of larval habitats of mosquitoes (Diptera: Culicidae) in northern Spain: from urban to natural áreas. Journal of Vector Ecology 46 (2), 173-185. 2021. https://doi.org/10.52707/1081-1710-46.2.173

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun saila

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude