Kanpilobakteriosia giza gastroenteritis bakterianoaren kausa nagusia da herrialde industrializatuetan, infekzio horietan inplikazio handiena duten espezieak Campylobacter jejuni eta Campylobacter coli izanik. Campylobacter generoko bakterioak gizakiei transmititzearen erantzule nagusiak etxeko hegaztiak izan arren, behi-aziendak ere zeregin garrantzitsua du gordailu gisa. Transmisioa kutsatutako elikagaiak edo ura kontsumitzeagatik edo animaliekin edo hauen gorozkiekin kontaktu zuzena izateagatik gertatzen da. Antimikrobianoekiko erresistenteak diren Campylobacter spp. anduiak kezkagarriak dira, infekzioak tratatzeko aukerak arriskuan jartzearren. Fluorokinolonak eta tetraziklinak, askotan beherakoa tratatzeko agintzen diren antibiotikoak, eraginkortasuna murriztu dute erresistentzia maila altuen ondorioz. Hori dela eta, makrolidoak dira gaur egun laborategian baieztatutako kanpilobakteriosi larrien kasuak tratatzeko aukeratu beharreko antimikrobianoak. NEIKEReko Animalien Osasun Sailak aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ustiategietan egindako ikerlan epidemiologikoek erakutsi zuten esnetarako behi-azienda Campylobacter-en gordailu garrantzitsua dela, eta garrantzi mediko kritikoa duten antimikrobianoen aurkako erresistentziaren prebalentzia, fluorokinolonena kasu, handitzen ari dela, makrolidoekiko erresistentziak txikia izaten jarraitzen duen bitartean.
Kategoria: Argitalpenak

Aedes eltxo inbaditzaileak EAEko hiri eta hiri-inguruko gradientean: Aedes japonicus espeziearen banaketa zabalaren ebidentziak
Europan eltxo inbaditzaileen (Aedes spp.) hedapenak gora egin du azken hamarkadetan. Euskadin, Aedes albopictus (tigre eltxoa) 2014an detektatu zen lehen aldiz, eta Aedes japonicus 2020an. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin eta Euskadiko udaletxe nagusiekin lankidetzan, azterlan bat egin dugu eltxo-espezie horien banaketa eta urbanizazio-faktoreekin duten lotura ebaluatzeko. Hala, 2021ean, 568 ovitrampa jarri ziren guztira Aedes eltxo inbaditzaileen arrautzak detektatzeko, 10.000 biztanletik gorako 45 udalerritako 113 laginketa-puntutan. Ovitrampetan jarritako obiposizio-oholtxoak hamabost egunean behin aztertzen ziren, ekainetik azarora bitartean, Aedes-en arrautzarik ba ote zegoen ikusteko. Aedes-en arrautzak zenbatu ziren, eta, ondoren, oholtxoen aukeraketa bateko arrautzak inkubatu ziren eltxoak heldu fasera garatu arte, hauek identifikatzeko. Arrautzen eklosioak arrakastarik izan ez zuenean, eltxo espeziea identifikatzeko teknika molekularrak erabili ziren. Read More

Ingurune natural batean gertatutako giza Q sukar agerraldi bat ikertu da
Giza Q sukar agerraldi baten ikerketan parte hartu dugu, Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzako Epidemiologia Unitatearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuarekin lankidetzan. Ikerketa 2020ko abendutik 2023ko otsailera bitartean egin zen. EAEn jakinarazitako Q sukar agerraldirik handiena da, eta seguruenik baita estatu osokoa ere, 108 kasu egon ziren, 53 gaixo pneumoniarekin eta 27 ospitaleratze izan ziren. Lehenengo kasuak 2021eko otsailean antzeman ziren, Bizkaiko kobazulo bat bisitatzen zuten eskalatzaileen artean, eta azken kasua 2021eko urrian antzeman zen. Kasu gehienak Aste Santuko oporren ondoren (2021eko apirila-maiatza) jakinarazi ziren. Denboraldi horretan, Covid-19ren ondorioz ezarritako itxiera perimetralak zirela eta, kobazuloetan ohi baino bisitari gehiago izan ziren, gainera, ingurune natural bat denez, bisitarietako askok ez zuten nahitaezkoa zen musukoa erabili. Ikerketako gure parte-hartzea Coxiella burnetii, gaixotasuna eragiten duen agente etiologikoa, agerraldiaren hasieran kobazuloaren barruan ote zegoen jakiteko ingurumen-ikerketan oinarritu zen, baita bakterioa ingurune natural horretan bideragarri mantendu daitekeen denbora zehaztea. Read More

EAEko bi hezegunetako eltxo-komunitatearen osaera
Eltxoak (Diptera: Culicidae) hezeguneetan maiz aurkitzen diren diptero hematofagoak dira. Hezeguneak balio handiko ekosistemak dira animalia espezie askorentzat, bereziki hegazti migratzaileentzat. Beraz, hegaztien eta eltxoen arteko interakzioek zeregin kritikoa izan dezakete patogenoen transmisioan, hala nola West Nile birusaren transmisioan. 2018 eta 2019 urteetan, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatutako VIMOTICKS proiektuaren esparruan, laginketak egin ziren Urdaibaiko eta Salburuako hezeguneetan, CO2-dun CDC tranpak eta intsektu-salabardoa erabiliz. Guztira, 22 espezietako 1.529 eltxo bildu ziren, EAErako zortzi erregistro berri barne. Bi hezeguneen artean aldeak egon ziren eltxo espezieen ugaritasunean eta aniztasunean. Hegaldi-jarduera desberdina izan zen eltxo-espezieen artean, batzuk udaberrian eta beste batzuk udan iritsiz jarduera maximora. Eltxoak hazten diren lekuak ere aztertu ziren. Gainera, gizakietan, zizta egiteko zein eltxo-espezie posatzen ziren ebaluatu zen. Read More

Tuberkulosiaren diagnostikoan zein bakteriok eragin dezaketen ikertuz
Animalien tuberkulosia (TB) mundu mailan hedaturiko gaixotasuna da, M. tuberculosis (CMT) konplexuko bakterioek, M. bovis eta M. caprae bakterioek batez ere eragiten dute eta behi, ahuntz eta basa-ugaztun batzuei eragiten die gehien bat. Abeltzaintza-sektorean eragin sozioekonomiko handia izateaz gain, bere izaera zoonosikoagatik, osasun publikoko arriskua ere dakar. Euskal Autonomi Erkidegoak ofizialki behi-tuberkulosirik gabeko estatusa lortu du, baina aldizkako intradermotuberkulinizazio probetan zein hiltegietako zaintzan oinarritutako kontrol-neurriak ezartzen jarraitzen dira. Intradermotuberkulinizazio sinple zein alderatutako probak behien TB diagnostikatzeko in vivo egindako proba ofizialak dira. Proba hauetan, animaliei, intradermikoki, tuberkulina baten edo biren kantitate txiki bat injektatzen zaie, hau da, M. bovis-etik (PPD-B) eta M. avium-etik (PPD-A) eratorritako proteina purifikatuak. Tuberkulosi-infekzioa laborategi tekniken bidez baieztatzen ez den baina tuberkulinen aurrean modu ez-espezifikoan erreakzionatzen duten animaliak agertzea, oraindik, konpondu gabeko arazoa da. Horrek benetan infektatuta ez dauden animaliak hiltzea (positibo faltsuak) eta jatorrizko baserrian neurri murriztaileak aplikatzea dakar. Erreakzio horiek, besteak beste, animaliak tuberkulosoak ez diren mikobakterioekin (MNT) aurre-esposizioan egoteagatik edo, gaur egun baimenduta egon ez arren, TBren edo paraTBren aurkako txertoak erabiltzeagatik izan daitezke. Horregatik, NEIKERen lortu nahi dugun helburuetako bat, proba diagnostikoetan erreakzio gurutzatuak eragiteko gai diren mikroorganismo ez tuberkulosoak identifikatzea da eta horien interferentzia-maila bereiztea. Honi esker, diagnostiko-teknika edo -irizpide berriak garatu ahalko lirateke. Read More

NEIKEReko Animalien Osasun Sailaren argitalpenak 2022an
Jarraian, 2022an egindako 36 argitalpenen zerrenda ematen dizuegu. Hauetako batzuei buruz blogean iazko urtean zehar hitz egin dizuegu. Artikuluak osorik irakurri nahi dituzuenok, eskatu eta kopia bat bidaliko dizuegu, baina ikus dezakezue horietatik 22 (% 61) sarbide libreko aldizkarietan argitaratuta daudela. Ikusiko duzuenez, artikulu batzuk NEIKERen garatzen ditugun lan-ildoetan sartzen dira: bektoreek transmititutako gaixotasunak, Zoonosiak – Osasun bakarra, mikobakteriosiak, eta gizaki edo animalien osasunarentzat interesgarriak diren beste gai batzuk. Read More

Scrapie eta bestelako gaixotasun prionikoak aztertzeko sagu-eredu bat
Orain dela gutxi CIC bioGUNEk eta IRTA-CRESAk, NEIKEReko Osasun sailarekin batera, sagu-eredu transgeniko berri bat deskribatu dute noizbehinkako gaixotasun prionikoak aztertzeko.
Gaixotasun prionikoak, gaitz neurodegeneratibo kutsakorrak dira. PrPC proteina endogenoa gaizki tolesten denean sortzen dira, PrPres izeneko isoforma patogenoan bilakatzen direlako. Isorforma hauek, proteasari erresistentzia handia diote eta neurotoxizitatea eragiten dute. Tolesturak idiopatikoak (kausa ezagun gabeakoak) izan daitezke, baita mutazio genetiko batengatik edo proteina prioniko exogeno baten presentziagatik sortu daitezke. PrP alteratua pilatzean, garuneko substantzia grisari eragiten dio, neuronak akabatuz, gliosis eta ehun-aren bakuolizazioa eraginez. Gaixotasun honek animali zein gizakiaren heriotza dakar. Gaitz prioniko ezagunenak, gizakietan Creutzfeldt-Jacob, behietan entzefalopatia espongiformea eta ardietan Scrapie dira. Gizakietan, gaixotasun prioniko espontaneo idiopatikoak, %85 baino gehiago suposatzen dute. Read More

Behi-aziendaren Sukar Katarral Gaizto kasu bati buruz
Arabako lurraldean dagoen hausnarkari-talde misto (ardi/behi) batetik datorren behi aziendaren Sukar Katarral Gaizto kasu bati buruzko informazio osoa esteka honetan aurki dezakezue (https://bvajournals.onlinelibrary.wiley.com/doi/epdf/10.1002/vrc2.483?src=getftr). Kasua 2021eko apirilean gertatu zen. Buruko gaixotasunarekin eta begietako gaixotasunarekin bateragarriak ziren sintomak garatu zituen txahal batean, infekzioa PCR teknikaren bidez baieztatu zen. Sintomen agerpena baino lehentxeago, ustiategian jaiotako bost txahal (gaixotutakoa barne), 8 eta 12 hilabete bitartekoak, aldi baterako ardi-nabearen ondoko ukuilu batean kokatu ziren. Metalezko hesi baten bidez bananduta zeuden, baina hesi horrek zuzeneko kontaktua ahalbidetzen zuen. Espainian ez dago Sukar Katarral Gaiztoaren eraginari buruzko daturik, ez baitago zaintza-programa aktiborik. Gainera, diagnostiko diferentzialean gaixotasun hau normalean ez da sartzen.

Omikak: Animalien Osasunerako Aplikazioak (3. zatia)
Aurreko sarreretan aurreratu bezala, teknika “omikak” genoma osoen azterketan ere aplika daitezke (genomika). Organismo baten genoma osoaren sekuentziazioaren bidez, haren gene guztiak karakteriza daitezke. NEIKEReko Animalien Osasun Sailean aspalditik bakterio zoonotikoen genomak sekuentziatzen ari gara, haien determinatzaile genikoak karakterizatzeko helburuarekin , antibiotikoen aurkako erresistentziarekin zerikusia duten sekuentziak (lanen estekak: 1 ,2 , 3). Lehen azterketetan, zati laburren sekuentziazio masiboko teknikak erabiltzen jardun gara Illumina teknologia erabiliz, eta, berrikiago, Oxford Nanopore (ONT) teknologiaren bidez zati luzeen sekuentziazioa ezarri dugu.

Kulikoide-espezieak eta hauen elikadura-lehentasunak Salburua eta Urdaibaiko hezeguneetan
Culicoides generoko diptero hematofagoek zeregin garrantzitsua dute mihi urdinaren birusa eta Schmallenberg birusaren transmisioan etxe- eta basa-hausnarkarietan. Espezie ornitofiloek ere hegazti parasitoak transmititzen dituzte, hala nola Plasmodium, Haemoproteus eta Leucocytozoon. Hala ere, kulikoideak ez dira giza osasunerako mehatxu. Orain arte, hobeto karakterizatu dira abeltzaintza-inguruneetako kulikoide-espezieak. Horregatik, hobeto ezagutzen dira Avaritia azpigeneroko (Culicoides obsoletus taldea) eta Culicoides azpigeneroko (Culicoides pulicaris taldea) kulikoideen banaketa eta elikadura-lehentasunak, abereak ibiltzen diren inguruneetan. Duela gutxi, Salburua eta Urdaibaiko hezeguneetako diptero-espezieei buruzko lan bat egin dugu, leku horiek hematofagoak diren intsektuentzako hazkuntza-leku bikainak baitira. Helburua kulikoide, kulizido eta intereseko beste diptero batzuen espezie-konposizioa aztertzea izan da, baita horien ugaritasuna, populazioen dinamika eta elikadura-lehentasunak ere, hau da, zein espezietan elikatzen diren. Read More