Behi-neutrofiloek tranpak askatzen dituzte mikobakterioak harrapatzeko

Neutrofiloek osatzen dute patogeno inbaditzaileei erantzuteko lehen defentsa-lerroa. Erantzun hori emateko zenbait estrategia erabiltzen dituzte, hala nola, fagozitosia (mikroorganismoa zuzenean irenstea), degranulazioa (pikor espezializatuetan gordetako mikrobioen aurkako faktoreak askatzea), oxigeno-espezie erreaktiboen ekoizpena (ahalmen bakterizida duten molekulak) edo zelulaz kanpoko tranpak askatzea (DNA egiturak, histonak eta patogenoak immobilizatzen dituzten proteinak). Tranpa horiekin, patogenoak beste immunitate-zelula batzuen zain dauden bitartean, hala nola makrofagoen zain, neutrofiloek ingurune toxiko bat sortzen dute patogenoentzat.

Neutrofiloak infekzio-guneetan agertzen diren arren, hasierako faseetan eta mikobakterioen aurrean duten defentsa-eginkizuna berriki hasi dira aztertzen, lehenik giza medikuntzan eta ondoren albaitaritzan. Neutrofiloek, mikobakterioen aurreko babesean funtsezko zeregina dutela iradokitzen dute orain arte egindako aurkikuntzek. Izan ere, agente patogenoarekin kontaktuan egon ondoren, tuberkulosia garatzeko arriskuaren eta odoleko neutrofiloen zenbaketaren artean alderantzizko asoziazioa behatu da.

NEIKEReko Animalia Osasuna Sailak, Londresko Royal Vetinary College-arekin lankidetzan berriki egindako ikerketa batean, lehenengoz deskribatu da behi-neutrofiloen zelulaz kanpoko tranpen askapena Mycobacterium avium subsp. paratuberculosis (Map)-en aurrean. Honetaz gain, ikusi da neutrofiloek efektu bakterizida dutela Map eta M. bovis BCG-en aurrean, eta makrofagoekin batera kultibatzean, lankidetza-efektu onuragarria lortzen dela. Lankidetza horren ondorioz, Map gehiago kanporatzen da, hanturaren eragile diren molekula gutxiago askatuz. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, esteka honen bidez kontsulta daiteke aipaturiko ikerketa.


Lan hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak, INIAk (RTA2017-00089-00-00) eta EMBOk (EMBO short-term Fellowship) eta FEMSek (FEMS Research and training grant) emandako finantzaketari esker egin da.

Argazkia: Behi-neutrofiloek (urdiña eta morea) zelulaz kanpoko tranpak (gorria) askatzen Mapen (berdea) kontra. NEIKER- Animalia Osasun saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *