Antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko Europako eguna – “Antimikrobianoen aurkako erresistentzia elkarrekin prebenitzea”

Urtero bezala, 2008tik aurrera, azaroaren 17an, Antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko Europako Eguna ospatu da. Ekimen hori Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) sustatu du. Helburua antibiotikoak behar ez bezala erabiltzeak dituen arriskuez kontzientziatzea eta erabilera arduratsuari dei egitea da, bai giza osasunean baita animalien osasunean ere, antimikrobianoen aurkako erresistentziak ager eta zabal ez daitezen. Egun horretan bertan, hilaren 17an, ECDCk txosten  (esteka) bat argitaratu du. Bertan, EBn 2016/2020 aldian, bakterio-infekzioen eta haiei lotutako erresistentzien eraginari eta bilakaerari buruzko datu eguneratuak jasotzen dira. Txosten horretan jasotzen denez, 2020an EBn antibiotikoekiko erresistenteak ziren bakterioek eragindako 800.000 infekzio baino gehiago izan ziren eta 35.000 pertsona baino gehiago hil ziren infekzio horien ondorioz. Gainera, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioek eragindako heriotza goiztiarrengatik edo infekzioen ondorioz ezgaitasunen batekin bizitako urteengatik, urtero milioi bat bizi urteko baliokidea galtzen da. Lau urteko tarte horretan, antimikrobianoen aurkako erresistentziak osasunean duten eragina handitu egin da eta gripearen, tuberkulosiaren eta GIB/HIESaren eraginaren konbinazioaren parekoa da. Kasuen %70 baino gehiago inguru soziosanitarioan hartutako infekzioekin lotzen dira. Antimikrobianoen aurkako erresistentzia pandemia motela eta isila da eta urtez urte bere eragina eta heriotza-tasa areagotzen da.
Abeltzaintzan arazo horri aurre egiteko NEIKEReko Animalien Osasun Sailean lanean jarraitzen dugu, bi jarduera-ildo nagusiren bidez: i) bakterio erresistenteen eta haien erresistentzia-mekanismoen zaintza epidemiologikoa egiten eta ii) animalien gaixotasun infekziosoen prebentzioa lantzen.


REF: European Centre for Disease Prevention and Control (ECDC). Health burden of infections with antibiotic-resistant bacteria in the European Union and the European Economic Area, 2016-2020. Stockholm: ECDC, 2022.  https://www.ecdc.europa.eu/en/publications- data/health-burden-infections-antibiotic-resistant-bacteria-2016-2020

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *