Abere hausnarkarien garrantzia giza kanpilobakteriosian

Herrialde garatuetan gastroenteritisak eragiten dituen bakterio ohikoena Campylobacter bakterioa da. Bakterio honek hainbat ugaztun eta hegaztietako urdail-hesteetako traktua modu asintomatiko batean kolonizatzen du eta horren ondorioz, gizakiotan ematen diren hainbat infekziok hegazti-gordailua dute eragiletzat. Honela, kutsatutako hegaztien haragia, gizakiongan infekzio kausa nagusiena dugu. Haragi hori, gutxiegi sukaldatzeagatik, eta are gehiago, jada sukaldatutako edo tratamendu termiko gabeko beste jaki batzuekin elkar kutsatzeagatik suertatzen da infekzioa nagusiki. Hausnarkariek eragindako infekzioak, kutsatutako urarengatik eta infektatutako animaliekin zuzeneko kontaktua edukiz gero suertatzen da batez ere, eta maiztasun txikiagoan, kutsaturiko elikagaietatik (esne gordina edo tratamendu termikoaren ondoren kutsaturiko esnea eta haragia) transmititu daiteke.
Campylobacter bakterioaren aspektu epidemiologikoak ondo ezagutu behar dira abeltzain ustiaketetan esku-harrerak diseinatzeko. Modu honetan, animalien kolonizazioa gutxituz, giza infekzioaren arriskua urritu daiteke. Hegazti-hazkuntzan ikerketa asko egin diren arren, bakterioaren presentzia hausnarkarietan oraindik ez da asko ikertu. Hala ere, kasu klinikoak aztertuz gero, hausnarkarietatik eragindako infekzioek garrantzi handia dutela antzeman da.
Azkenaldi honetan NEIKERren zeharkako ikerketa bat burutu da, non Euskal Autonomia-Erkidegoko (EAE) 301 esne-abelgorri, haragi-abelgorri eta ardi ustiategitan Campylobacter jejuni eta Campylobacter coli-ren (giza infekzioak eragiten dituzten Campylobacter bakterio nagusiak) prebalentzia estimatu den. Emaitzen arabera, C. jejuni edota C. coli proportzio altuetan aurkitu ziren (%86.6 esne-abelgorri, %78.8 haragi-abelgorri eta %54.8 ardi ustiategietan), abelgorriak C. jejuni-ren eta ardiak C. coli-ren gordailu nagusiak izanik.
Era berean, antibiotikoekiko erresistentzia profila aztertu zen lortutako Campylobacter isolatutetan, C. coli anduiak C. jejuni anduiak baino erresistenteagoak izanik. Bestalde, esne-abelgorriko anduiak erresistenteagoak ziren haragi-abelgorriko eta ardietan lortutako anduiekin alderatuz. Era orokor moduan, isolatu gehienak fluorokinolonekiko eta tetraziklinekiko erresistenteak izan ziren, baina makrolidoekiko lortutako erresistentzia txikia izan zen, esne-abelgorriko anduietan bakarrik agertuz. Ikerketa honetan (2014-2016) lortutako erresistentzia profilak, 10 urte lehenago (2003-2005) egindako antzeko ikerketa batekin konparatuz, erresistentzien igoera orokorra antzeman zen. Gizakion medikuntzan kritikoak diren antibiotikoen artean, fluorokinolonekiko erresistentziaren igoera kezkagarria da. Bestalde, makrolidoekiko lortutako erresistentzia egonkor mantendu zen tasa txikietan. Azken datu hau lasaigarria da, izan ere, makrolidoak giza medikuntzan erabiltzen diren antibiotikoak dira Campylobacter bakterioak sortutako infekzio larriak sendatzeko. Hala ere, andui hauek, aztertu ziren antibiotiko guztietarako erresistentzia izan zuten (pan-erresistentzia).
Lortutako emaitzek, hegazti ez diren Campylobacter-aren gordailuen garrantzia plazaratzen dute, giza infekzioan duten arrisku ahalmena eta antibiotikoekiko erresistentzien zabaltzeagatik. Informazio gehiago kontsultatu nahi izanez gero, ikerketa hau Pathogens aldizkari zientifikoan argitaratu da (Pathogens 2019, 8: 98; doi:10.3390/pathogens8030098) – Link-a.

Argazkia: NEIKER – Abere Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *