Abeltzaintzan ere antibiotikoen zentzuzko erabileraren garrantziaren zergatia

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) uda ikastaroen barnean, uztailaren 18 eta 19 egunetan Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) “Ingurumenean antibiotikoekiko erresistentziak: egoera apokaliptiko baten jatorria” izeneko ikastaroa egin zen. Ikastaroaren egitarauaren barnean Ana Hurtado gure lankideak, Animalien Osasun saileko Ikertzaileak, “Abeltzaintzaren eragina antibiotikoekiko erresistentzietan” izeneko hitzaldia eman zuen. The Conversation (ISSN 2201-5639) atarian argitaraturik aurkitu daiteke (http://theconversation.com/hacia-un-uso-mas-prudente-y-responsable-de-los-antibioticos-en-ganaderia-122590) emandako hitzaldiaren laburpena, “Hacia un uso más prudente y responsable de los antibióticos en ganadería” izeneko artikuluan.
Antibiotikoen aurkako erresistentzien garapena faktore desberdinen ondorio izan daitekeen gertakari konplexua da, baina antibiotikoen erabilerarekin lotuta dagoela baieztatua dago. Antibiotikoak erabiltzean, bai gizakien edota animalien tratamendurako, bakterioekiko presio selektiboa sortzen da eta honek bakterio erresistenteen agerpena eta zabaltzea sor dezake. Bakterioek (erresistente edo sentikor, komentsal edo patogeno) ez dituzte hesi geografikoak errespetatzen eta ez dira gizakien eta animalien kompartimentu estankotan aurkitzen. Izan ere, gizakion gaixotasun infekziosoen %75 inguru zoonosiak dira, hau da, jatorria animalietan dute. Honela, animaliek bakterio erresistenteen gordailu gisa jardun dezakete eta ingurumenaren, kontaktu zuzenaren edo elikagaien bitartez gizakiei helarazi diezazkigute.
Hitzaldi honetan, ikasleei albaitaritzan antibiotikoen nolako erabilera egiten den eta erabileraren zergatia azaldu ziren. Euren erabilera funtsezkoa da animalien osasuna ziurtatzeko, hortaz beraien ongizatea eta Elikagaien Segurtasuna bermatuz, nahiz eta okasio batzuetan antibiotikoen erabilera egokiena ez izan. Abeltzaintzan antibiotikoen erabilera txarrak giza osasunarentzako sor ditzakeen arriskuez hitz egin zen eta gaur egun abeltzaintzaren arloan bakterio erresistenteen aurka gauzatzen ari diren ekintzak ezagutzera eman ziren. Ekintza hauek batez ere antibiotikoen erabileraren eta bakterio erresistenteen zainketan, animalien infekzioen prebentzioan eta abeltzaintzako antibiotikoen erabilera zentzudunaren sustapenean ardazten dira.

Argazkia: NEIKER- Animalia Osasun Saila

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *